Apple Pay-ren baldintzak
“APPLE PAY” ZERBITZURAKO ABANCAK DITUEN BADINTZAK
1. “Apple Pay” zer den eta nola funtzionatzen duen
“Apple Pay” ABANCA Corporación Bancaria, S.A.-k (ABANCAk) bere bezeroen eskura jartzen duen aplikazioa da, bezeroek erosketa fisikoak zein online erosketak ABANCA txartelen bidez ordain ahal ditzaten, iPhone, Apple Watch, iPad edo MacBook Pro bezalako Apple Gailuak erabilita. Aplikazio horrek zure txartelak Apple Gailuarekin sinkronizatzean sartu dituzun zure txartelen datuak gordetzen ditu. “Apple Pay” zerbitzuan egiten duzun zure ABANCA txartelen erabilera ABANCAren baldintzen menpe dago, baita Apple eta “Apple Pay-ren” baldintzen menpe eta onartu behar duzun Apple-ren pribatutasun politikaren menpe ere. Halaber, “Apple Pay” erabili ahal izateko, baliteke onartu behar izatea “Apple Pay” plataformari zerbitzuak ematen dizkioten edo bertan integratuta dauden hirugarren hornitzaileen baldintzak eta haien pribatutasun-politika onartu behar izatea.
ABANCAk ezin du inolako kontrolik Apple-k hartzen dituen erabakien gainean, “Apple Pay-ri” edo Apple-ren edozein zerbitzu edo plataformari lotutako Apple-ren baldintzak eta pribatutasun politika aldatzearen ingurukoak.
Kontuan izan behar duzu zure ABANCA txartelak Apple gailuei atxikitzeak ez duela txartel berririk jaulkitzen dela esan nahi. Beraz, Apple gailuekin egiten duzun ABANCA txartelen erabilera, ABANCAk eskaintzen duen ordainketa-zerbitzu bat izaten jarraitzen duenez, ABANCArekin sinatutako txartelen kontratuen baldintzen menpe dago, eta horiek betetzeko konpromisoa hartzen duzu.
Hori dela eta, kontuan izan behar duzu baldintza hauek ez dituztela ABANCArekin izenpetuta dituzun txartelen kontratuen baldintza orokorrak eta bereziak aldatzen edo ordezten, ez dituztela txartelen zenbatekoen mugak aldatzen, ezta ABANCA txartel bakoitzerako une bakoitzean indarrean dagoen ordainketa-modalitatea ere. Hala ere, oraingo Baldintzek eta ABANCA txartelen baldintza orokorrek edo bereziek bat egien ez badute, oraingo baldintzetan adierazitakoa gailenduko da.
“Apple Pay-k ”onartzen ez dituen ABANCA txartelak: - Aurreordainketa Visa Txartelak - Saltoki-txartela - Gasoliorako Txartel Hobariduna - Diru-sarrerak Txartela - Kooperatiben Txartela ABANCAk beretzat gordetzen du “Apple Pay” bidez erabiltzeko onartuak izan diren txartelak aldatzeko ahalmena. Horiek aldatzen badira, horren berri emango dizu. ## 2. “Apple Pay” zerbitzuaren kostua
ABANCAk ez du ABANCA txartelei ez dagokien bestelako kargurik kobratuko, txartelak “Apple Pay” bidez erabiltzeagatik.
Hala ere, hirugarrenen baldintzek Apple gailuen bidezko txartelen erabilerari eragin diezaioketen karguak, mugak eta murrizketak ekar ditzakete. Adibidez, datu mugikorrak erabiltzeagatik edo testu-mezuak bidaltzeagatik sare-zerbitzuen hornitzaileek karguak kobratu ditzakete.
3. “Apple Pay” erabiltzea eta ordainketa-eragiketak baimentzea
- Aurrez aurreko eragiketetarako (NFC teknologiarekin, Near Field Communication, bateragarriak diren saltokiak, kutxazain automatikoak eta salmenta automatikoko makinak): eragiketa hasteko, beharrezkoa da Apple gailuak NFC teknologia aktibatuta izatea.
Zure Apple gailuan (iPhone, Apple Watch, iPad, etab.) “Apple Pay” aplikaziora sartu behar duzu, aplikazio honen bidez ordaintzeko erabili nahi duzun ABANCA txartela aukeratu, eta zure Apple gailua saltokiko STra (edo beste makina baliokide batera, kutxazainak edo salmenta automatikoko makinak) hurbildu. Makina horrek contactless izan beharko du. Ordainketa beste edozein ekintza egin beharrik gabe egingo da, beraz, eragiketaren datuak zuzenak direla egiaztatu beharko duzu, zure Apple gailua STra (edo makina baliokidera) hurbildu aurretik. Hala ere, autentifikazio indartua aplikatu behar den kasuetan, eskatzen zaizkizun autentifikatze-faktoreak emango beharko dituzu, ABANCArekin izenpetuta dituzun txartelen kontratuetan une bakoitzean aurreikusitakoaren arabera. Zure Apple gailuan “Apple Pay” aplikazioa erabili ahal izateko, une bakoitzean ezartzen diren jarraibideak bete beharko dituzu eta, hala badagokio, Apple gailuak eskatzen dizkizun datu biometrikoak sartu beharko dituzu (adibidez, hatz-marka, aurpegi-azterketa). Urrats horiek jarraitu ondoren ordainketa onartutzat joko da.
- Aurrez aurrekoak ez diren eragiketetan: Zure Apple gailuan (iPhone, iPad edo Mac, etab.) ordaindu nahi duzun saltokiaren web-orriak erakutsiko dizkizun ordainketa-aukeren artean, “Apple Pay” aukeratu behar duzu. Jarraian, ordaintzeko erabili nahi duzun ABANCA txartela aukeratu beharko duzu, eta kasu bakoitzean ezartzen diren jarraibideak bete. Hala badagokio, Apple gailuak eskatzen dizkizun datu biometrikoak sartu (adibidez, hatz-marka, aurpegi-azterketa) beharko dituzu. Urrats horiek jarraitu ondoren ordainketa onartutzat joko da.
Aurreko paragrafoetan adierazitakoaren arabera ordaintzeko baimena ematen duzunetik, ordainketa baimendutzat joko da eta, beraz, ezin izango da ezeztatu.
Apple gailuaren desblokeorako hirugarren pertsonen aldeko datu biometrikoak sortzeak (abibidez, “Touch ID”) aukera ematen die hirugarren horiei gailu horren bidez ABANCA txartelekin ordainketak egiteko.Ordainketa horiek baliozkoak, baimenduak eta, beraz, ezeztaezinak izango dira.
4. Bezeroen alta “Apple Pay-n” ABANCAri eta ABANCA txartel sortari dagokionez
“Apple Pay-n” pertsona fisikoak diren bezeroek eman ahal izango dute alta. Horiek “Apple Pay” aplikazioarekin bateragarria den Apple gailuaren bertsioa izan beharko dute, Apple-ren baldintzak eta pribatutasun-politika onartu beharko dute eta erabiliko den “Apple Pay” aplikazioaren bertsioa eguneratuta izan beharko dute.
Zure Apple gailuan “Apple Pay” aplikazioan sartu behar duzu, eta bertan alta eman nahi diozun ABANCA txartelaren datuak sartu (txartelaren zenbaki osoa, iraungitze-data eta CVV – edo baliokidea –, bai eta Apple-k modu arrazoituan eska dezakeen informazio gehigarria ere). Datu horiek eskuz sartu ahal izango dituzu (adibidez, tekleatuz edo txartelari argazkia eginez) edo zure eskura jar daitekeen beste edozein bide erabiliz. Apple-k dagoeneko datuak gordeta baditu, ez dituzu berriz sartu beharko.
Ondoren, ABANCAren hurrengo baldintzak onartu beharko dituzu. Jarraian, zure identitatea eta ematen duzun adostasuna egiaztatzeko, Apple gailuan kasu bakoitzean eskatutako autentifikatze faktoreak sartu beharko dituzu, ABANCArekin izenpetuta dituzun txartelen kontratuetan une bakoitzean aurreikusitakoaren arabera.
5. ABANCA txartelei “Apple Pay-n” baja eman
Edozein momentutan ABANCA txartelei “Apple Pay-n” baja eman ahal izango diezu. Baja ematearen ondorioak berehalakoak izango dira eta ez die eragingo likidatzeke edo kargatzeke zeuden eragiketei. Horiek likidatu edo kargatuko dira, ABANCArekin izenpetutako txartelen kontratuetan adostutakoaren arabera.
Prozesu hori zuzenean “Apple Pay” aplikazioan egin ahal izango da edo ABANCAren call center-era deituz: 981910785.
6. “Apple Pay” zerbitzuaren iraupena
ABANCAk “Apple Pay-ren” bidez ordaintzeko zerbitzua denbora mugagabez eskainiko du.
Hala ere, ABANCAk “Apple Pay” zerbitzua eten edo bertan behera utzi ahal izango du. Kasu horretan, bi hilabete lehenago jakinaraziko dizu. Halaber, ABANCAk zerbitzua etengo du, Apple Inc.-ek, ABANCAren hornitzailea den aldetik eta “Apple Pay” plataformari dagokionez, edozein arrazoirengatik ABANCAri zerbitzua emateari uzten badio.
7. Txartelak gordetzea eta zaintzea
Zure ABANCA txartelak behar bezala gorde eta zaindu behar dituzu, kontuan hartuta txartelak pertsonalak eta besterenezinak direla, eta Apple gailuan sartzen dituzun txartelen datuak bertan gordetzen direla. “Apple Pay-n” jardutea ahalbidetzen duen edozein kode sekretupean gorde beharko duzu, eta zure txartelen segurtasuna bermatzeko behar diren neurri guztiak hartu beharko dituzu. Batez ere, ez ezazu idatzi “Apple Pay” aplikazioari esleitutako ezein kode pertsonalik zure Apple gailuan edo harekin batera eramaten duzun ezein dokumentutan. Horrela, iruzurreko erabilera saihestuko duzu, galtze, lapurreta edo bidegabeko jabetza kasuetan.
Dena den, ABANCA ez da zure Apple gailuan gordetako datuen erantzule izango.
8. Apple gailua galtzea, haren lapurreta edo bidegabeko jabetza
Apple gailua galtzen baduzu, lapurtzen badizute, bidegabe bereganatzen badute, edo zuk baimendu gabe erabiltzen badute, ABANCArekin izenpetuta dituzun txartelen kontratuetan aurreikusitako baldintza berberak aplikatuko dira, “Apple Pay-n” alta eman diezun ABANCA txartelei dagokienez.
Horren berri izan bezain laster, ABANCAri jakinarazi beharko diozu, bidegabeko atzerapenik gabe eta horretarako zure eskura duzun edozein bideren bidez. 981910785 zenbakira deituz izapide hori egin dezakezu. Era berean, jakinarazi beharko duzu Apple gailuaren faltsifikazioa edo segurtasun-urraketa gertatu dela, edo hirugarrenek, zure borondatearen aurka, “Apple Pay” aplikazioan jarduteko kodeak ezagutzen dituztela.
Egoera hori telefonia mugikorreko operadoreari, Apple-ri edo Apple gailuaren saltzaileari jakinaraztea ez da nahikoa.
9. ABANCA txartelen blokeoa
ABANCAk datuak Apple gailuetan gordeta dituzten txartelak blokeatu ahal izango ditu, baldin eta zure segurtasuna arriskuan dagoela egiaztatzen duten arrazoi objektiboak badaude edo baimenik gabe edo iruzurrez erabili dituztela susmatzen bada. Halaber, txartelak kreditu-lerro bati lotuta badaude eta ordainketari aurre egiteko gai ez izateko arriskua nabarmen handitzen dela ikusten bada, ABANCAk txartelak blokeatu ahal izango ditu.
ABANCAk blokeo horren berri eman beharko du, ahal bada, blokeo hori eraginkorra izan baino lehen eta, ezinezkoa bada, blokeo hori gertatu eta berehala, salbu eta informazio hori arriskuan dagoela egiaztatzen duten segurtasun-arrazoi objektiboak badaude edo informazio hori ematea beste edozein arau-xedapenen aurkakoa bada. ABANCAk txartelak desblokeatuko ditu blokeatzeko arrazoiak desagertzen direnean, inolako kosturik gabe. Hala ere, egoera horren aurrean desblokeoa eskatzeko eskubidea izango duzu, ABANCArekin izenpetuta dituzun txartelen kontratuetan aurreikusitako baldintzak aintzat hartuta.
10. Erantzukizuna
Apple Distribution International (ADI) ABANCAri “Apple Pay” ordainketa-plataforma ematen dio, hau da, software-a, teknologia eta hura osatzen duten gainerako elementu ukigarri eta ukiezinak; ABANCAk berriz, “Apple Pay-ri” dagokionez ordainketa-zerbitzua eskaini baino ez du egiten.
ADI da plataformaren funtzionamendu egokiaren erantzule bakarra eta, beraz, ABANCA ez da inola ere erantzule izango ABANCA txartelaren funtzionamendua eten, eragotzi edo funtzionamenduan nolabait eragiten duen ezein arrazoirengatik, hala nola, “Apple Pay” edo hari gabeko komunikazio-zerbitzua zerbitzutik kanpo egoteagatik, sarean atzerapenak egoteagatik, hari gabeko estaldurak mugak izateagatik, sistema eteteagatik edo haririk gabeko konexioa eteteagatik.
Beraz, ulertu eta onartzen duzu ABANCA ADIren mende dagoela erabat, bai eta “Apple Pay” plataformaren bidez egiten diren eragiketen prozesadorearen mende ere, ABANCA txartelen titular diren bezeroei “Apple Pay” zerbitzua eskaini ahal izateko. Arrazoi horrengatik, ABANCA edozein unetan behartuta egon daiteke “Apple Pay” zerbitzuaren bidezko ordainketa-eragiketak handitzera, murriztera edo etetera, edo edozein prozesu aldatzera.
Era berean, ADI, bere irizpide esklusiboaren arabera, erabakiko du “Apple Pay” plataformaren erabiltzailearen esperientzia nolakoa izan behar den, aplikazioaren bidez egindako ordainketa-eragiketei aplikatu beharreko segurtasun-neurriak, baita “Apple Pay” erabili ahal izateko une bakoitzean eta eragiketa bakoitzeko aplikatu beharreko autentifikatze-metodoak ere.
11. “Apple Pay” zerbitzuaren baldintzen aldaketak
“Apple Pay” zerbitzua baldintza hauetan ezarritakoaren arabera eskainiko da.
Hala ere, ABANCAk baldintza hauek aldatu ahal izango ditu. Aldaketak jakinaraziko dizkizu horiek indarrean sartu baino bi hilabete lehenago, gutxienez. Aldaketek berehalako ondorioak izan ditzakete, baldin eta positiboki eragingo dizun hobekuntza badakarte, edo Apple-k, “Apple Pay” plataformaren hornitzaile gisa, hartutako erabakietan oinarritzen badira.
“Apple Pay” zerbitzua erabiltzen jarraitzeko, Apple gailuan kasu bakoitzean eskatutako autentifikatze faktoreak sartu beharko dituzu, ABANCArekin izenpetuta dituzun txartelen kontratuetan une bakoitzean aurreikusitakoaren arabera. Aldaketak onartzen ez badituzu, ezin izango duzu “Apple Pay” zerbitzua erabiltzen jarraitu, eta zure ABANCA txartelei “Apple Pay” zerbitzuan baja eman beharko diezu.
Halaber, ABANCAk eskubidea izango du bere txartelak “Apple Pay” zerbitzuan sartzeari uzteko, Applek plataforman egindako aldaketen ondorioz (edo ez).
12. Datuen babesa eta segurtasuna
“Apple Pay” zerbitzuaren bidezko ABANCA txartelen erabilerak informazio pertsonala elektronikoki transmititzea dakar, hirugarrenekiko konexioen bidez.
ABANCAk ez du konexio horien gaineko kontrolik eta, beraz, ezin du datuen transmisioaren pribatutasuna edo segurtasuna bermatu. Beraz, Apple gailuaren hornitzailearen eta sareko zerbitzuen hornitzailearen pribatutasun- eta segurtasun-praktikei buruzko informazioa zuk bildu beharko duzu.
Txartel bidezko ordainketa-zerbitzua emateko, ABANCAk, Apple gailuan integratutako txartelen jaulkitzaile gisa, zure datu pertsonalak tratatuko ditu, ABANCArekin sinatu duzun txartelen jaulkipen-kontratuaren baldintzen arabera.
Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, transferitzeko, tratamenduaren aurka egiteko edo tratamenduari mugak jartzeko eskubideak baliatu ahal izango dituzu ABANCAren bezeroentzako arreta-zerbitzuari zuzendutako idazki bat helbide honetara bidaliz: Rúa Nueva, 1 - Entreplanta, 15003, A Coruña. Baita posta elektronikoaren bidez ere: atencioncliente@abanca.com.
Eskubide horiei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, eskubideak nola baliatu jakin nahi baduzu edo, oro har, pribatutasun-politikari buruzko informazio gehiago nahi baduzu: https://www.abanca.com/es/legal/politica-privacidad
“APPLE PAY” ZERBITZUAREN TITULARRAK DUEN ORDAINKETA-DATUETARAKO SARBIDEA: ABANCA txartelak “Apple Pay” zerbitzuaren (“Apple Pay-ko” titularrak eskaintzen duena) bidez erabiltzeak ordainketa-datuak “Apple Pay-ren” bidez tratatzea dakar, ABANCAk jartzen ez dituen baldintza orokor batzuen arabera.
Irakur itzazu arretaz “Apple Pay”-ren baldintzak, aplikazioa zure Apple gailuan instalatzean eta aplikazioari zure txartelak atxikitzean onartu dituzunak. Horrela, titularrak jartzen dituen datuak tratatzeko baldintzak ezagutuko dituzu, baita legeak bermatzen dizkizun datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, transferitzeko, tratamenduaren aurka egiteko edo tratamenduari mugak jartzeko eskubideak nola erabili jakiteko ere.
ABANCAk ezin dizu inolako bermerik edo erantzukizunik eman “Apple Pay-ren” titularrak egiten duen datu-tratamenduari dagokionez.
13. Apple Markak
(Apple Pay, Apple Watch, iPad, iPhone, Touch ID edo MacBook Pro, besteak beste) erregistratutako Apple Inc.-ren markak dira, AEBetan eta beste herrialdeetan erregistratutakoak.
14. Jakinarazpenak
Honako hauek dira bezeroaren eta ABANCAren arteko kanalak “Apple Pay” zerbitzuaren erabilerari buruzko jakinarazpenak egiteko:
- Apple-ren Wallet aplikazioa
- ABANCAren arreta zerbitzuaren telefono zenbakia: 981910785
- ABANCAren banka mugikorraren aplikazioa
15. Legeria
Baldintza hauek beren horretan ulertuko eta beteko dira eta, aurreikusi gabeko guztia, arlo horri dagokion Espainiako legeriak arautuko du. Alderdien betebeharrak eta erantzukizunak legeriaren araberakoak izango dira.
16. Forua
Foru aplikagarria “Apple Pay” zerbitzuan alta emandako ABANCA txartelen jaulkipen-kontratuan aurreikusitakoa izango da.